5 martxoa, 2013

Urtxintxa proiektua

Haur Hezkuntzak berebiziko garrantzia du bai haurraren garapen osoan, baita euskalduntze-prozesuan ere. Etapa horretan garatzen hasten dira, hain zuzen, adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratzeko eta harremanetarako hastapenak. Beraz, hezkuntza-arloan betekizun nagusia du. Betekizun horri erantzun nahian, hezkuntza-komunitatearen etengabeko ikerketa- eta hobekuntza-prozesuaren pauso berri bat da URTXINTXA proiektua. Proiektu honen berrikuntza nagusiak hauek dira: hezkuntza-proiektua hobetzea, curriculum diseinuaren ulermen-maila erraztuz eta koherentzia bertikala ziurtatuz; zehar-lerroekiko konpromisoa indartzea; aniztasunari erantzuna emateko bide berriak jorratzea; eleaniztasunaren hainbat eragile integratzea; irakurketa idazketaren paradigma eraikitzailea garatzea.

Testuinguru horretan, ondorengo orrialdeetan URTXINTXAren ezaugarri nagusiak aurkezten dira.

URTXINTXA proiektuaren ezaugarriak

  • Haurra bere osotasunean hartzen duen proiektua

    • Gaitasunen garapenean oinarritua. Pertsonaren gaitasun orokorren (gaitasun kognitiboak, oreka pertsonalezkoak, motorrak, komunikatiboak eta gizarteratzekoak) garapena lehenetsi egiten du proiektuak, horiek baitira haurraren garapen orekatuaren eta ezagutzaz jabetzearen oinarriak. Gaitasunak era globalizatuan jasotzen dira, eduki moten aldibereko lanketa bermatuz.

    • Ikaskuntza esanguratsuaren eta ikasle aktiboaren bila. Haurraren bizipenean, esperientzian eta jolasen testuinguruan txertatutako ikas-prozesua, haurra gatazka kognitiboen aurrean jarri eta ikaskuntzaren eraikuntza autonomoa eta konpartitua bultzatuz.

    • Aniztasuna errespetatzen duena. Haurren garapen-prozesu indibidualak errespetatzeko eta aberastasun-iturri bezala tratatzeko, ikasmaterial irekia, egokitzapenak errazteko pentsatua, hainbat zailtasun-mailatako proposamenak eskainiz, jarduera, eduki edo helburuetan aukeraketa edo aldaketak egiteko bideak erraztuz eta metodologiazko gogoetak eginez.

    • Balioen eta jarreren hezkuntzarekin konprometitua. Ikasleen prestakuntza integrala baloratzen du proiektuak, unibertsalak eta funtsezkoak diren printzipioen hezkuntzari (eskubideen berdintasuna, lagunkidetasuna, justizia, osasunaren balorazioa, askatasuna) arreta berezia, sistematikoa eta kontzientea ematen diona. Honela, unitateetako jardueretan ikuspuntu hau integratu egiten da, baita zenbait proposamen berezi aurkeztu ere, haurren bizitzan gerta daitezkeen arazodun egoerak behatu, interpretatu, eztabaidatu eta irtenbideak bilatzeko aukerak eskainiz.

  • Euskal Herri osorako egina

    • Jatorriz euskaldun nahiz erdaldun diren haurrak euskaraz eta curriculum bateratuan hezteko proposamena. Curriculum komun baten barruan, betiere, hizkuntzarekiko abiapuntuak kontuan hartzen dira eta proposamen didaktiko berezi batez erantzuten zaie.

    • Curriculumaren euskal dimentsioari garrantzia ematen diona. Euskal kultur ondarea gorde eta luzatzeko konpromisoa gure gain dugula, euskal kulturaren elementu bereziak sistematikoki landu eta esplizituki adierazten dira ikasmaterialean. Haurrak bere inguruko agerpen kulturalekiko interesa eta errespetuzko jarrera garatu dezan, interesgune en testuingurura ekarrita, tradiziozko abestiak, olerkiak, esaera zaharrak, euskal artistek egindako hainbat lan plastiko, egungo literaturaren adierazle batzuk, musika, festak, folklorea, mitologia… eskaintzen dira.

    • Herrialde guztietako erreferentziak jaso eta euskalkien presentzia ziurtatuko duena. Herrialde guztietako ikasleek ulertu eta identifikatzeko moduko proposamena, erreferente ezberdinak kontenplatuz, eta euskara batuan idatzita izan arren, euskalkien ulermen eta errespetua pizteko proposamenak txertatuz. Honela, irakasleak kontaketa garaian tokian tokiko euskalkia erabiltzeko aukeratxo bat izan dezan, abestiak, haur jolasak, edota bertso tradizionalak aukeratzerakoan, euskalkien aberastasuna bildu nahi izan da.

    • Euskalduntasunetik abiatuz, kultura unibertsalerako bidea egingo duena. Gure garaiko ezaugarri nagusi bat mundu zabalean bizi garenon arteko bata bestearekiko lotura da. Gaur egungo gizartearen bizitzeko erreferentzia esparrua gizadi osora zabaltzen da. Gure proiektuak euskaldun izaera abiapuntu izanik, kultura unibertsalaren aniztasunaren eta aberastasunaren partaide egin nahi ditu ikasleak.

  • Diseinu bateratua eta eraginkorra

    • Derrigorrezko Hezkuntzarako curriculum deskribapen bateratua. Derrigorrezko Hezkuntzaren planteamendu bateratu eta koherente bat ziurtatu nahian, etapen arteko harremana eta loturak bideratzeko Haur Hezkuntzako hiru urtetik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino diseinu bateratua eraiki nahi da. Diseinu honek, noski, etapa desberdinen berezitasunak errespetatu behar ditu eta beraz, OSTADARren Curriculum diseinua ardatz bezala harturik, Haur Hezkuntzako berezitasunei egokitutako deskribapena proposatzen du URTXINTXA proiektuak. Ildo horri jarraituz Lehen Hezkuntzan ere izango du jarraipena.

    • Hezkuntzaren asmoen esplizitatzailea. Deskribapen pedagogiko zabal eta sakona egiten da, etapako helburu orokorretatik jarduera zehatzerainoko bidea zehazki esplizitatzen delarik, informazio horren babespean irakasleak bere erabakiak hartzeko gaitu nahian.

Informazio gehiago nahi izanez gero, eskatu honako formulario honen bidez